Raimundo Amadorrek hitz eginarazi egiten dio gitarrari, eta liluratuta uzten ditu ikusleak. Gizon xumea da, ijitoa, zintzoa. Maleziarik gabeko bihurri aurpegia du. Berez ateratzen zaio musika, batzuek barruan duten jenio horri esker. Ahaztezina da. Musikari espainiarren artean, garrantzitsu, pertsonal eta karismatikoenetakoa da. Zaila da Raimundo baino maitatuagoa eta errespetatuagoa den inor topatzea. Leialtasun handia dio ibilbide eta kultura jakin bati, tradizioari erabat errotuta dago eta, era berean, zabal-zabalik du bihotza beste musika batzuetara.
Raimundo Amadorrek aitarekin ikasi zuen flamenkoa jotzen. Rotako Ipar Amerikako basean gitarra-jotzailea zuen aita. Hark sortutako falsetaren bat jotzen du Raimundok oraindik ere. Hamabi urte zituela, Sevillan, kalean gora eta behera ibiltzen zen Raimundo, gitarra jotzen. Txanpon batzuk, ogitartekoren bat edo etxera taxian itzultzeko dirua jasotzen zuen trukean. Los Gitanillos-en ezagutu zituen Camarón eta Paco de Lucía, eta geroago, 70eko hamarkadaren erdialdera, Kiko Veneno.
Kalean ikasi zuen Raimundo Amadorrek flamenkoa jotzen, eta kaleko giro horretan ezagutu zituen betidanik hainbeste gustatu zaizkion rock eta blues estiloetako musikari handiak: Dylan, Hendrix... Flamenkoa baztertu gabe, haiengana hurbiltzen saiatu da. Entzuten dituen soinu guztiak barneratzeko duen gaitasunari esker, flamenkoaren eta beste musika mota batzuen arteko mestizajearen eragile nagusietakoa bihurtu da; ez da alperrik izan musika estiloak bateratu dituzten bi talde aitzindarien sortzaile: Veneno (1977), Rafael anaiarekin eta Kiko Venenorekin, eta Pata Negra (1981), anaiarekin. Gitarrarekin bere dinastiako flamenko kantariei eta dantzariei eta Montoya familiari laguntzen zailduta iritsi zen Raimundo Amador mestizaje horretara. Flamenkoko artista handiekin kolaborazioak egina ere bazen; hala nola, Paco de Lucíarekin edo Camarónekin. Azken horrekin, flamenko-rocka lantzeko asmoarekin aritu zen.
Pata Negrak artean lehenengo diskoa besterik kaleratu ez zuenean, fusio musikaren aitzindaria zen Cathy Claret-ek (www.myspace.com/cathyclaret) Cathy Claret eta Soleil y locura diskoetan parte hartzera gonbidatu zituen. Geroago, Raimundo Amadorrek eta B.B Kingek Cathyren «Bolloré» kantaren bertsioa egin zuten. Erretzeko paperari buruzkoa da abestia. Abestiak sekulako arrakasta izan zuen («El bolleré»), eta klasiko bihurtu zen kontzertuetan...
Pata Negrak lau disko grabatu zituen Rafael eta Raimundo anaiak buru zituela (Pata Negra 81ean, Rock Gitano 82an, Guitarras Callejeras 86an eta Blues de la Frontera 87an). Taldearen azken bi diskoak (Inspiración y locura eta Como una vara verde) Rafael Amadorrek prestatu zituen, bakarlanean, eta Raimundok bere ibilbideko beste fase bati ekin zion.
Pata Negra desegin ostean, kantari eta gitarra-jotzaile ibilbideari ekin zion, eta Rafael anaiarekin sortutako estiloa lantzen jarraitu zuen. Bakarrik jarraitu zuen, baina taldean, kontzertuetan, diskoetan eta grabazioetan musikari bikainez lagunduta aritu da beti. Beste askoren artean, honakoak: Antonio Carmona, Remedios Amaya, Cathy Claret, Enrique Morente, Lole eta Manuel, Sorderita, Ketama, Kiko Veneno, Juan Perro, Andrés Calamaro, Mala Rodríguez, Montoya familia, Camarón, Martirio, No me pises que llevo chanclas, Rosario, José Soto «Sordera», El Lín, Luz Casal, Antonio Flores, Los Rodríguez, Nacho García Vega, Nacho Campillo, Malevaje, Tomatito eta Björk. Kolaboraziorik ezagunena, eta agian Raimundok gehien estimatutakoa, B. B. King blues musikariarena izango zen. Bakarrik prestatutako lehenengo diskoan hartu zuen parte (Gerundina, 1995), baita urte berean Madrilgo Las Ventas plazan eskainitako kontzertuan ere. |